XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.6. GALDEGAI EZ-EROSOEN ORDEZKO ESTILISTIKOAK

Aurreko sailetan aditzera eman dugunez, oinarrizkotzat hartu ohi den ordenaketan, euskaraz, perpausaren bukaeran agertzen da aditza.

Horretaz gain, galdegaia, nominalen taldean sartu ditugun elementuetariko bat denean, aditzaren aurreko gunean txertatzen da.

Baina badago hiztunengan oso hedaturik dagoen joera bat; alegia, luzeegitzat jotzen diren elementuak perpausaren bukaerara eramatearena.

Batzuetan, bi joera horiek burrukan sartzen dira, eta suertatu ohi den ondorioa galdegaiaren kokapen hori ez mantentzearena izaten da28 Arejita. 1982..

Hizkuntza tekniko/zientifikoan, badago horrelako egoera suertatzen deneko bi kasu tipiko:

a. Galdegai izan behar duena, elementu-zerrenda luze bat denean.

b. Galdegaia, elementu bakarra baina luzeegia denean (menperatu luzea adibidez).

Bi kasu horietan, posible da elementu luze horri galdegaiaren funtzioa kendu gabe perpaus arinagoak eraikitzea: Elementu luzearen tokian ordezko komodin bat jar daiteke, eta ondoren, bi puntuen bidez banaturik, modu arras erosoan sar daiteke elementu luze hori.

Komodin ordezkatzaileei dagokienez, aukera handia dugu, goiko a /b bereizketaren arabera singularrak ala pluralak hautatu beharko direlarik.

Horrela ba, a saileko zerrenden ordezkoak, ondokoak izan daitezke: hauexek, hurrengoak, hurrengook, hurrengo hauek, honakoak, honakook, honako hauek, ondokoak, ondokook, ondoko hauek,...

(53) Lanean kontsideratutako gonbinaketak, hurrengoak dira: uda/goi-maila, uda/behe-maila, negua/goi-maila eta negua/hehe maila.

Garbi dago (53) adibideko zerrenda luze hori atzera besterik gabe eraman izan bagenu suertatu zatekeen ez-egokitasun pragmatikoa (53'), eta bestalde, galdegaia berez legokiokeen tokian uztekotan gauzaturiko perpausa ez-eroso eta ilun litzatekeela (53):

(53') #Lanean kontsideratutako gonbinaketak dira uda/goi-maila, uda/behe-maila, negua/goi-maila eta negua/behe-maila.

(53) Lanean kontsideratutako gonbinaketak, uda/goi-maila, uda/behe-maila, negua/goi-maila eta negua/behe-maila dira.

Bestalde, b multzoan sailkatu ditugun elementu luzeen ordezkoak, aurrekoen pareko singularrak izango dira besterik gabe: hauxe, hurrengoa, hurrengo hauxe, ondokoa, ondoko hau,...